ISHEAD
I:SHEAD ETXEAN DIRA, AZKENEAN
Adi guztiak! Belarriak tente! Patxi eta Didier-ek etxeko ateak zabaldu eta gaur festa beraien etxean egiteko gonbitea luzatu dute. Ba al zatoz?
House musika. Ingeles madarikatua. Zergaitik asmatzen ote dituzte horrenbeste izen musikak sailkatzeko? Nork azaldu behar ote digu, orain, House izenaren atzean zer musika mota ote dagoen? Ni ez naiz ausartzen, ezta nahi ere. Baina, ez da gauza berria. Urte asko dira izen hori doinu batzuk sailkatzeko erabiltzen dela. Musika aditu bat topatu bitartean, ordea, I:Shead-ekoen proiektuaz arituko gara. Patxi Gainza eta Didier Larralde dira guzti honen atzean daudenak. Lapurdiko Itsasun dute egoitza, eta euskeraz ez dakitenez, galderak Ion managerrari pasa eta berak egin du bitartekari-itzultzaile lana. Guri berriz, polizi aurpegia geratu zaigu. kaka. Posta elektronikoaren baliagarritasuna ez dugu zalantzan jarriko, baina bertatik irtendako "elkarrizketa" ez luke munduko labe potenteenak berotuko. Ping-pong partidua hastera doa.

E!: Zer da I: Shead eta nola sortzen da proiektua?
I: I:SHEAD, bi lagunen batasuna bat da.Biak asko maite dugu musika electronikoa eta nahi dugu musika beroago bat egin.
E!: Zer esan nahi du I: Shead izena?
I: Ez du deus erran nahi.
E!: Proiektu hau martxan jarri aurretik zertan ibili zarete?
I: Biak rock musikatik heldu gira eta pixkanaka musika electronikora pasatu gira. Gazte ainitze bezala, lehenik, maite ginuen makina, eta fite pasatu gira house musikara.
E!: Nola egiten duzue musika ? (Sormen prozesua, erabilitako tresnak, programak...)
I: Gure musika egina da ordinagailu baten bidez,samplerrak eta sinthetyser batetik.Soinu ezberdin ainitz nahasten ditugu eta azkenean nahi dugun musika ateratzen da.
E:! Kantu instrumentalak dira. Zergaitik? Batzuetan ahots sanplerrak erabili dituzue? (Martin Luther King...) Zeinenak? Arazo legalik izan duzue?
I: Entzuten dugun musika,musika intrumentala da, beraz guretzat naturala izan da musika hau egitea. Martin Luther King en ahots samplerrarekin ez dugu arazoik ukan. Zati tipi bat hartu dugulako.
E!: Nola izan da diskaren grabazio prozesua?
I: Dena egina izan da gure musika langelan. CD batean grabatu ditugu 10 zati musikak eta joan gira Elkar lantegira soinu berezi bat ukaiteko.
E!: Nola sortzen da Ostiela aldizkariarekiko harremana?
I: Kontaktua ukan dugu Elkarren bitartetik.Igorri dugu cd bat Elkar lantegiari eta proposatu daukute Ostiela aldizkarian agertzea.
E!: Nola ikusten duzue musika elektronikoaren egoera Euskal Herrian? Eta Estatu frantsesean?
I: Guretzat, musika elektronikoa gehio eta gehiago entzuna izanen da Euskal Herrian eta Frantzian.Gazteek duela 10 urte rocka entzuten zuten, orain pasatu dira musika electronikoari. Gizartean sartu den musika bat da.
E!: Zeintzuk dira zuen gustu musikalak, influentziak?
I: Musika ezberdin ainitz entzuten ditugu:Jazz, house, hip hop eta beste.
E!: Musika egiteaz gain, diska jartzaile lanetan ibiltzen zarete ezta? Non eta nola?
I: ..........Ez dugu ulertu galdera,barkatu.

E!: Diska hau zuzenean aurkezteko asmoa duzue?
I: Nahi dugu musika zuzenean eman, Saint Germain bezala, bainan behar ginuke beste ordinagailu bat, eta momentu honetan diru arazoak baditugu.Orain arte, biak taula gainean gira eta ordinagailurik gabe jotzen dugu.
E!: Aurrera begira zeintzuk dira zuen asmoak?
I: Gure asmua geroko beste diska bat egitea da, eta zuzenean jokatzea mundu guzian, gure musika ezagutarazteko.
DISKA BAINO GEHIAGO
I:Shead, Didier Larralde eta Patxi Gainzak osatu duten proiektua da eta izen horrekin kaleratu dituzte biek egindako doinuak. Baina ez dira horretan geratu. Musika elektronikoa maite duen jende askoren antzera, bai Didier eta baita Patxi ere, diska jartzaile lanetan aritzen dira eta gustokoak dituzten doinuak jendea dantzan jartzeko asmoarekin erabiltzen dituzte; house erritmoak baina baita funk, hip-hop, jazz, soul... Sustrai beltza duten erritmoak alegia. Ipar Euskal Herrian asko dira musika elektronikoaren maitaleak direnak, eta horregaitik, musika egin eta diskak "pintxatzeaz" gain, erritmo elektronikoei eskeinitako jaialdia antolatzen dute, iparraldean aintzindari den Elektronika izeneko jaialdia. Horretarako, Twisted Release izeneko elkartea osatu dute eta iragan abenduan ospatutako edizioan, besteak beste, Paristik etorritako Pacman, Kopa eta Jimmy Arrabiten talde berria, Daman izenekoa, aritu ziren.
AINTZINDARIAK
Patxi eta Didier-ek egindakoa ez da edonolakoa. Guk dakigula, lehen aldia da Euskal Herrian horrelako doinuak jasotzen dituen diska kaleratzen dela. Urte asko darama house musikak mundu "aurreratua" delakoaren dantzalekuak astintzen, baina Euskal Herrian, beste musika estilo askorekin gertatzen den bezala, ezezaguna da orohar. Egia da, "dantza musika" delakoaren barruan saiakera batzuk izan direla arrakasta komertzial haundia lortu dutenak gure artean; batzuk "eurodance" eta besteak "bakailua" deitzen dutenaren esparruan, baina orain arte ez zen maila honetako house musikarik landu. Kostata, baina pixkanaka, lekua hartzen ari den musika da "elektronikoa". Azpimarratzekoa da Novophonic zigiluak zentzu honetan egindako lana, eta baita Esan Ozenkik lehenik, eta Metak-ek gero, kaleratutako "Basque Electronic Diaspora" bilduma. Bide haundia dago oraindik egiteko, eta bide horretan aurrerapauso garrantzitsua izan da I:Shead-ek emandakoa (Ostiela aldizkaria eta Ohiuka zigiluaren laguntzaz). St. Germain, Llorca edota Shazz-ek egindakoaren bidetik, house musika jazz eta soularekin nahasten dute, eta oraindik aurretik aipatutako musikarien maila lortzen ez badute ere, ikasle aurreratuak dira. Potentzialtasun haundia duen musika da "elektronikoa" eta ekonomikoki zein teknikoki eskeintzen dituen erraztasunak kontutan izanda, etorkizun haundikoa Euskal Herriko altxor musikala aberasteko bidean.





